XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) lotsaren hautsa gainetik kentzeko, hiriko auzorik ilunenean murgildu zen, bere gorputza salduz eta zurrutari emanez, hautsak hautsa estal zezakeelakoan, han eta hemen aurkitzen zituen emagaldu adintsu asko-ikusi-ikasien aholkuei uko eginez, etxera itzultzeko behin eta berriro esaten ziotenak, gaztea zela eta mundu argigabe hartatik ihes egiteko garaiz zebilela oraindik.

Eta kalez kale jarraitu zuen beste hogei urtetan, harik eta neguko egun batez bide bazterrean ediren zuten arte, burua galduta, besoak gora eta behera higitzen zituela, hegan egin nahian edo, auskalo nondik nora.

Poliziak jaso, komisaldegian sartu, eta hiritik Sotonuevoko herrira eraman zuten Sotoviejotik bost kilometrora, bertan eraiki baitzuten XIX. mendearen buruan probintziako eroetxea.

Han eroetxean, noraezean ibili zen hasieran, itzalak eta ilunak handik eta hemendik hesitu balute hezala, espazioak eta denborak nahastuz -bere mendea Erdi Aroarekin edo eroetxeko terraza Sotoviejoko gaztelu erdi eroriaren almenekin, non herritar askoren esanetan printze mairu baten arima baitzebilen penatzen, haizearekin batera negarrez-, baina ezari-ezarian argiak iluna urratu eta urdinguneak eta ostarteak zabalduz joan ziren adimenaren beltzean, handik urtebetera Sotoviejorako bidean jarri zutelarik Manuela, bere jaiotetxera, ustez sendatuta.

- Ez dezala ardorik ez pattar tantarik probatu -agindu zien medikuak etxekoei.

Aldi hartan aita xaharra eta zortzitik hiru neba-arreba baino ez ziren bizi etxe hartan, gainerakoak beste herri batzuetara ezkondu edo aldeginda; seme zaharrena, maiorazgoa, herriko emakume batekin ezkonduta zegoen eta hiru seme-alaba zituzten (...).